XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lukuren adiskide honen bidalketa horretan, etsenplu on batean humanismo kristaua eta pastoraltza-liburu itzulgarria eta ordurako itzulia ere batera agertzen zaizkigu (Gómez Canedo 1977: 171; Castro 1988: 499).

Berehala esango direnak gorabehera, bi pertsonaien humanismo kristaua azpimarratzeko balio du honek.

Ameriketako holako bidalketak ez ziren harritzekoak Penintsulan, neurri batean han ere hemen lehendik ikusitako eredu edo irizpideez baliatuz ari baitziren.

Eta alderantziz: Mexikotik zetozen albisteek mirespenik handienak pizten zituzten urte haietan Europako elizgizonen artean.

Zumarragaren eskutizketa pribatutik ezagutzen dugun joan-etorri hau, are aberatsagoa zen, ofizioz eta halabeharrez, Indietara begira lan egin behar izan zuen Luku bezalako kontseilukide baten inguruan. Horretaz esan nahi dugu zerbait.

Ameriketako eredu berri(tu)ak

Honek guztiak beste testuinguru historiko azkar eta zabalera garamatza.

Lukuk Euskal Herrian landatu nahi izan zuen zuhaitzak zuzter hedatuak zituen munduan, orduantxe indar berriz zabalduak.

Eta Eliza katoliko erromatarra bera zen berrikuntza horren eragile, nahiz eta Elizaren periferian Indietako misioetan hemen berton Europan baino azkarragoak izan horren azalpenak. Dakigunez, misio-gertakari hori oso bertatik segitu ahal izan zuen Lukuk, gainera.

Indietako Kontseilutik begiratuta Amerika ez zen zerbait urrunekoa eta arrotza: Kontseilura etortzen ziren Ameriketako arazoak eta gizonak, bertatik hartzen ziren erabakiak, eta handixe irteten konkistari eta misiolariak.

Elizarekiko Erret Zaingoaren betekizunak ere hortik zaintzen ziren, eta, beraz, baita Ameriketako Gotzainen izendapenak ere.

Badakigu, Aspurz-i esker, Kontseiluan lan egin zuen urteetan, Indietako misioekiko zuzeneko ardura izan zuela Lukuk: sabemos de la actuación de este celoso Consejero, que, a lo que parece, debía de tener por encargo propio dentro del Consejo el promover y organizar las expediciones de misioneros (Aspurz 1946: 95, 2. oh.).

Kontseiluan, Luku-ren egitekoa izan zen Ordena erlijiosoak Ameriketako misioetarako sustatzea, eta On Bernal-i zor dizkiogu Ordena horietako Batzar Nagusiei zuzenduriko eta oihartzun handiko gutun batzuk (frantziskotarrei Tolosako Kapitulura: 1532; eta hurrengo urtean Ordena guztiei bidalia, eta 1538an Aita Santuari josulagunak eskatuz eta 1542.aren azkenetan asmo berarekin San Ignaziori zuzendua).

Sustapen-ekimen hauetan Errege-Erreginekin batera ari zen Kontseilukide hau.